Hondartzarako bidearen ertzetan sasiak
ia dardaraz ziren itsasoko haize ahulaz,
eta zuk masustak batzeari ekin zenion.
Kaobaz tindaturik, oskorri zenuen adatsa.

Hordi, goi-gorengo adarretakoak nahirik,
halaxe, eusteko eskaini zenidan gerri aldea;
bat-batean berriro ume bihurtu denaren
istant eternal bateko zoriona zen zurea.

Aldaketan nasai prakak, ziloa agerian,
orkatiletan gora luze beharturik bernak,
titiburuek ere fruitu erneak ziruditen
kamiseta zuri arin haren azpian tente.

Iraila zen, eta bion haragia hain geurea,
botoi bat askatuz aldarrikatu nituen
ezpainak, gerria, ziloa, zure masustak,
eta esan han behean ohantze zela harea.

© Omar Nabarro

"Haragizkoa"
Omar Nabarroren "Haragizko amoreak" (Susa) liburuan oinarritua.

Hitza: Omar Nabarro / Edorta Jimenez
Musika: Rafa Rueda
Irudia: Joseba Barrenetxea

Loading more stuff…

Hmm…it looks like things are taking a while to load. Try again?

Loading videos…