Mutrikun dagoen Jasokundearen eliza XIX. mendearen hasieran neoklasizismo estiloan Gipuzkoan gauzatutako eraikin interesgarrienetakoa dugu. Egilea Silvestre Perez (1767-1825) arkitekto aragoitar ospetsua izan zen.
Hainbat aldiz Mutrikuko eliza zaharra berreraiki ondoren, 1790ean hondatuta eta erortzeko zorian zegoela ikusirik, azkenean eliza bota egin zuten eta udalak berria egiteko erabakia hartu zuen. Eliza berriaren proiektua Silvestre Perezek prestatu zuen 1798an eta 1799ko urtarrilaren 6an San Fernando Arte Ederretako Akademiak onartu egin zuen. Baina ez ziren eliza eraikitzen hasi 1803ko abuztura arte, udala eta parrokiaren artean eztabaidak sortu baitziren elizaren kokalekua zela eta.
Jasokundearen eliza. Mutriku: euskomedia.org/aunamendi/ee154326