Andra Mari Eusko Dantzari Taldea

Your membership in this group is pending until moderator approval

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea

Andra Mari Created by Andra Mari

1955. urtean, eliza katolikoaren babesa eta laguntzarekin, Galdakaoko zenbait gaztek Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu zuten, urte gutxiren barruan, eta lan ikaragarri baten ondoren, Euskal Herriko mundu kulturalean leku bat aurkitu eta sendotu zutelarik.

1965.etik gaur egundaino talde honek Europako zein mundu guztiko beste hainbat aberrietara zabaldu izan du euskaldunon kultura tradizionala parte hartu duen Jaialdi Internazional guztietan.

70. hamarkadan bere lan interesen garapenaren ondorioz, Andra Marik Euskal Herri guztiko errito, musika eta dantza zaharren ikerketa, ikasketa,


+ More

1955. urtean, eliza katolikoaren babesa eta laguntzarekin, Galdakaoko zenbait gaztek Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu zuten, urte gutxiren barruan, eta lan ikaragarri baten ondoren, Euskal Herriko mundu kulturalean leku bat aurkitu eta sendotu zutelarik.

1965.etik gaur egundaino talde honek Europako zein mundu guztiko beste hainbat aberrietara zabaldu izan du euskaldunon kultura tradizionala parte hartu duen Jaialdi Internazional guztietan.

70. hamarkadan bere lan interesen garapenaren ondorioz, Andra Marik Euskal Herri guztiko errito, musika eta dantza zaharren ikerketa, ikasketa, eta berreskuratze lanei ekin zien. Horretarako, taldeak, dantza doinu eta erritualak jatorrizkoak ziren eta diren herrietara jo zuen, tokian tokiko herritarrengandik - dantza maisuak, dantzariak, "pertsona jakitunak", etab.- zuzenean ikasi ahal izateko. Honekin guztiarekin batera, galduta zeuden edota galtzear dauden dantza edo ospakizun desberdinen, ahalik eta datu gehien biltzen ahalegintzen da euskal kulturaren aniztasunaren iraupena bermatzeko helburuarekin.
Berreskuratze eta biltze lan honen emaitza errepertorio luze eta zabal bat da: Altsasuko ihauteriak, Aiezkoa, Saraitsu, Erronkari zein Luzaideko dantzak, Bizkaiko Dantzari dantza, Soka dantza eta jota zaharrak, Zuberoako dantzak, Gipuzkoako dantzak, Lizarrako Larrain-dantza, Leitza eta Iribasko Ingurutxoak... etab.

Ildo honetan eta hitz laburretan isladatzeko, Andra Mari taldearen lan egiteko filosofia edo ardatz nagusiena, Lucille Armstrong-ek, J. A. Urbeltzen (1978) Dantzak liburuaren prologoan idazten duen paragrafo honetan laburbildu daiteke:

...sustraiak herri baten sorlekua direnez gero, haien ezagutzeak norberaren izatearen ezaguera adierazten du; hortaz, normalki, dantza herrikoia beti bezala mantendu beharko litzateke; gure kondairara horrela bakarrik hurbildu gaitezkeelako. Apur bat bakarrik aldatuko bagenu, ez luke esanahirik izango; gorputza fisikoki edukitzeko ariketa bat baino ez litzateke. Ez da ulergaitza: sustrai barik ez dago bizitzerik.
Esan dezakegu beraz, Andra Marik kontu handiarekin burutzen dituela bere dantza, musika eta errito ikerketa guztiak; forma tradizionalak mantenduz, estiloa landuz, koreografia zainduz, eta batez ere, dantzaren izaera "ulertzen" saiatuz. Horrela, lan egiteko modu honekin, Andra Mari dantza taldea, Euskal Herriko erreferentziazko talde bat bihurtu da.

Azken urteotan Andra Mari Dantza taldea, Galdakaoko herrian euskal egutegi kultural baten berpizte eta suspertze lanetan dabil euskal ohitura zaharretako errito eta jai garrantzitsuenetakoak urtero ospatuz, besteak beste, Santa Ageda (Otsailak 5eko bezperan), Ihauteriak (Otsailaren 8tik 12ra), Erreginak (Maiatzaren 4an), San Juanak (Ekainaren 24ko bezperan), Olentzaroa (Abenduaren 24an).

Ospakizun hauetaz guztietaz gain, Galdakaoko hainbat auzotako jai eta erromeria tradizionalen berreskuratze lanetan murgilduta dago. Aipagarriak dira Bekeako "Asentzioak", Elexaldeko "Andra Mariak", edota Galdakaoko bertako herriko jaiak diren "Santa Krutzetako" Soka dantza, bazkari herrikoia, etab.
Bestalde, uda partean, talde Galdakoztar honek Bizkaian zehar Folklore bizian izeneko nazioarteko kultur topaketak antolatu eta ospatzen ditu, Europako zein munduko edozein tokitako tradiziozko dantza eta musika taldeak ekarriz.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea hainbat urtetan ibili da herri honen nortasunaren zainketa eta mantentze lanetan. Goiko lerro labur hauek erakutsi duten bezala, Andra Marik Euskal Herriaren barna dauden dantza, musika eta usadio zaharrak berreskuratzen eta berpizten dihardu etengabe. Hala eta guztiz ere, zoritxarrez, asko dira herri honen ehorzketa nahi dutenak. Egoera lazgarri honek inoiz baino argiago erakusten digu Andra Mari Eusko Dantzari taldeko kideoi, euskal kulturaren -eta berarekin batera, euskal nortasunaren- jarraipenaren alde lana egin behar dugula, azken batetan, euskaldunon seme/alabek eta hauen gerokoek beraien sustraiak zeintzuk diren jakin dezaten.

Browse This Group

This is a Vimeo Group. Groups allow you to create mini communities around the things you like. Check out other interesting groups. Groups